Pablo Sarasate 1844. urteko martxoaren 10ean
jaio zen, Iruñeko San Nikolas kalean, eta bataiatu zutenean Martin Meliton
izena jarri zioten. Lehenbiziko musika irakaslea aita bera izan zuen.
A Coruñan eman zuen jendaurreko lehenbiziko
kontzertua, 1852an, zazpi urte zituela.
1853an, Martinek Madrilera joateko bidea izan
zuen, Espoz Minako kondesak eman zion pentsio bati esker. Espainiako hiriburuan
Manuel Rodrigezekin ikasi zuen, biolinista handia. 1854ko martxoaren 23an
aurreneko emanaldia egin zuen Errege Antzokian. 1855eko maiatzean, Isabel II.a
erreginaren aurrean aritu zen, eta horrek beste pentsio bat ematea erabaki zuen
Parisen ikasketak hobetu ahal izateko.
1855eko uztailean, amak lagunduta, Martinek
Pariserako bidea hartu zuen. Abuztuan Baionara iritsi eta han ama hil zen,
koleraren ondorioz. Martinek 11 urte
zituen. Baionan Espainiako kontsul zenak, Sarasateren ardura hartu zuen eta
Parisera lagundu zion. Nafarroako Diputazioak beste pentsio bat eman zion, eta,
beraz, hiru laguntza izan zituen, Isabel II.arena eta Espoz Minako kondesarena kontuan
hartuta. Parisen, Théodore Lassabathie Kontserbatorioko administrariak eta
haren emazteak hartu zuten, eta azken hori Sarasateren amatzako izan zen ia-ia.
1856ko urtarrilean, Parisko Kontserbatorioan
onartua izateko azterketa gainditu zuen.
Sarasate gaztearen eta gainerakoen artean
zeuden desberdintasunak lehen mailako birtuoso baten, eta orkestrako biolinista
perfektu baten artean zeuden desberdintasun berberak ziren.
Sarasatek Kontserbatorioan ikasten jarraitu
zuen 1859. urtea arte.
URTE ZAILAK. Bohemio bizitza Parisen
Kontserbatorioan aritu ondoren, Sarasatek haur mirari izateari utzi eta biolinaren birtuoso moduan bidea egin behar zuen . 1857tik aurrera, eta batik bat 1860ko hamarkadan, Parisko musika aretoetara maiz joaten zen. Gainera, Paristik kanpo bere burua ezagutarazteko asmoz, bidaiatzen hasi zen: Bartzelona eta Madril (1860), Londres (1861), Baden (1862), Bordele eta Frantziako beste hiri batzuk (1863), Spa eta Saint-Malo (1864), Bucarest (1869).
Urte horietan, berak ondutako lanak ezagutarazten hasi zen, eta arrakasta handia izan zuen. Horrez gain, ganbera musika lantzen zuen eta beste musikagile batzuen lanak jotzen zituen.
Ameriketan lehen itzulia egin zuen (1870-1872) . Bi urte iraun zuen bidaia nekagarrian Sarasatek Ipar Amerikako ekialdeko eta Canadako hiri nagusiak bisitatu zituen, eta Hego Amerikako zati batean, Caracas eta Valparaíso artean, ibili zen. New Yorken, Sarasatek Max Bruchen biolinerako lehen kontzertua estreinatu zuen Ameriketako lurretan.
Ameriketatik itzuli zenean, 1872ko udaberrian, artista ospetsua zen.
Ameriketan izan zituen arrakasten ondotik, Pablo Sarasate izen artistikoa hartu zuen, eta bakarlari ibilbideari ekin zion eromenezko
moduan Europa osoan.
Pablo Sarasatek Europa eta Amerika irabazi zituen, bere
biolinak entzuleak liluratzeko zuen gaitasunari esker: gozatze perfektua,
dotoretasuna, birtuositate behartu gabea eta, batez ere, soinu garbia, aratza
eta gardena. Entzuleei zirrara eragiten zien oso modu bizian.
1876a urte erabakigarria izan zen. Sarasatek Alemania bereganatu nahi zuen.
Lehenbiziko erasoa
hiriburuan egin zuen, Berlinen, eta Sarasate ez zen onik atera... gutxienez,
kritikarien hitzetatik: besteak beste, “zirkorako
musika” eta “Espainiako dantza hain txarra, ezen ez baita ezta landua edo
ikasia ere” jotzeaz. Hala eta guztiz ere, handik hilabetera, errotik aldatu zen egoera. Vienan sekulako
arrakasta lortu zuen. Vienan aritu eta gero, Alemaniara itzuli zen, eta han
hainbat hamarkadatan, hil arte, iraun zuen harreman suhar eta leial baten
oinarriak ezarri zituen.
Alemania eta Austria menderatzea erabakigarria izan zen Sarasateren
etorkizunerako: handitzen ari zen ospea sendotu egin zen, musikari eta
interpretatzaile nabarmengarriekin harreman estuak izateko aukera eman zion,
eta, gainera, 1877an bere bizitzan garrantzizkoa izan zen elkartze bat gertatu
zen: Frankfurt am Mainen Otto Goldschmidt pianista alemaniarra ezagutu zuen.
Aurrerantzean ohiko laguntzailea, idazkaria, agentea eta lagun pertsonala izan
zuen.
MITOA SENDOTZEA.
1880ko hamarkadatik aurrera Sarasatek mundu osoan itzuliak
egiteari eman zion bizia. Kontzertuetara jende mordoa joaten zen, eta
etengabeak izan ziren egin zizkioten omenaldiak eta eman zizkioten sari
ohoregarriak.
1880 hamarkada horretan,
Berthe Marx pianista handia Sarasateren ohiko laguntzaile ibili zen zenbait
itzulitan.
1889ko azaroa eta 1890eko apirila bitartean Ameriketako
bigarren bira egin zuen. Oraingoan guztiz arrakastatsua izan zen. Ibilaldi
bizia eta nekagarria izan zen, eta Ameriketako Estatu Batuetako hirietan,
Kanadan eta Mexikon ibili zen. Hurrengo urteetan, Europa osoan itzuliak egiten
jarraitu zuen: Herbeheretan, Belgikan, Errusian, Italian, Espainian... Hala
ere, nagusi izan ziren Erresuma Batura, Alemaniara eta Frantziara egindako
bidaiak. Sarasateren ospea sendotu egin zen: mito bihurtu zen. Arrakastak etengabeak
izan ziren ordutik aurrera, hil zen urtea arte.
Errepertorioa osatzeko, beti jotzen zituen lan klasikoak eta
musikagile garaikideen lanak. Azken lan horietako batzuk berari eskainitakoak
ziren. Bakarlari
birtuoso moduan egin zuen lana ez ezik, oso ezaguna ez den beste alor bat ere
landu zuen hamarkada horietan: ganbera musika osatutako
laukotearekin.
Hil zen urtean, uztail bakoitza iristen zenean bezalaxe,
Sarasate San Fermin jaietara joan zen eta lau kontzertu eman zituen. Handik bi
hilabetera, Biarrizko etxean hil zen, 64 urte zituela. Biriketan zuen
gaixotasuna okertu egin zen eta, ondorioz, hil egin zen.
Sarasate zezenzale amorratua zen eta bere oholtza izaten
zuen Iruñeko zezen-plazan sanferminetan. Musika apaingarriak jarri ohi ziren
bertan. Zenbait alditan, gainera, zezenketaren buru izaten zen.
1900ean, Iruñeko Udalak Sarasate hiriko seme kutun
izendatzea erabaki zuen, eta 1902an gauzatu zen hori. 1903an, gainera, Udalak
hiriko pasealeku.
PABLO SATRASATEREN ONDAREA
1893ko testamentuan, Sarasatek Iruñeko Udalari objektu anitz
utzi zizkion : bere artelan bilduma, sariak, makilak... eta bere biolin batzuk.
1894 eta 1897 artean, biolin-jotzaileak
hainbat objektu eman zizkion Udalari, zilarrezko koroak eta bitxi batzuk,
esaterako. 1908an hil ondoren, Iruñeko Udalak museo areto bat egokitu zuen
udaletxe zaharreko azken solairuan. Eraikin barrokoa eraitsi zenez, 1951n kendu
behar izan zen museoa. Hamalau urteren buruan, Agoitz kaleko Pablo Sarasate
Kontserbatorioko beheko solairuan jarri zen ondarea, 1965ean, kontserbatorioa
inauguratu zen urtean. Han egon zen
1977a arte. Hamalau urte iragan ziren museo areto berria inauguratu arte. Areto
hau kokaturik zegoen San Joan bataiatzailea Apaiztegi zaharreko kaperan,
Merkatuko kalean, Udal Artxibategia dagoen egoitzan. Han egon zen 1991tik 2008
arte. Orduantxe egokitu zen egungo erakusketa aretoa, zaharberritu zen
Kondestablearen Jauregian, Kale Nagusian.
Pablo Sarasateren testamentua Parisen egin zen 1893ko
irailaren 28an:
''Iruñeko Udalari honako hauek uzten dizkiot oinordetzan:
nire erlojuak, gorbata orratzak, eraztunak, diamanteak dituzten bitxiak,
sariak, koroak, palmak, agiriak, brontzezko objektuak, koadroak, bustoak eta
oroigarriak. Bilduma hau beira-arasa berezi batean erakutsi beharko da. Bertan
jarri beharko da objektu bakoitzaren jatorria.
Halaber, oinordetzan uzten dizkiot nire bi biolinak,
Vuillaume eta Gand izenekoak (azken hau Parisko Kontserbatorioan lehen sari
gisa eman zidaten), baita nire arkuak ere... Biolin hauek erakutsiko dira
artista-oroigarriak gordetzen dituen beira-arasa horretan, hautsetik eta
hezetasunetik behar bezala babesturik.
Aipatu Udalari oinordetzan uzten dizkiot Parisko nire gelan
dauden mota guztietako altzariak eta altzari objektuak...
Oroigarriak eta musika tresnak dituen bilduma guztia, baita
altzari guztiak ere, gela berezi batean jarri beharko dira. Gelak nire izena
izan beharko du eta herritarrek inolako arazorik gabe bisitatu ahalko dute''.