2016(e)ko maiatzaren 24(a), asteartea
DUMITRU. Koldo Izagirre.
Dumitru errumaniarra da izenez eta jatorriz. Bere kalterako,
noski, errumaniarra izatea eta lapurra izatea bat egiten dituen gizarte
honetan. Haatik, semearentzat inguru hobeago bat nahi zuelako ekarri zuen hona
Cosmin Petrescu soinujoleak, Danubio bazterreko sorterria utzita. Badira urte
batzuk Dumitru euskalduna dela hitzez eta bizitzez. Lagunek maite dute, Olatzek
bereziki. Eta une batez, denak direla Dumitru erabakiko dute…
SUGEAK TXORIARI BEGIRATZEN DIONEAN. Bernado Atxaga.
Sugeak txoriari begiratzen dionean, txoria itsutu egiten da,
eta ordurarte begien bistan eduki duen munduaren zati laburra -zuhaitz batzuk,
bizpahiru teilatu, bidea, zeruaren urdina- ezkutatu egiten zaio bat-batean.
Barraketako magoen paineluekin gertatzen den bezala, une batez hantxe dauka
guztia: koloreak, mugimendua, argia. Hurrengoan, berriz, guztia joan egin da,
ezin liteke hutsune beltz bat baizik sumatu.
BI LETTER JASO NITUEN OSO DENBORA GUTXIAN. Bernardo Atxaga.
Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian, hamar eguneko
tartearekin edo. Biak zuzen-zuzen etorri ziren nik Boiseko city amerikano
honetan daukadan etxeraino, eta nire iloba Jimmyk jarri zizkidan eskura.
Azkenengoarekin ailegatu zenean ni mimosaren adarrak txukuntzen nengoen, umore
onean, alegia, zerengatik umore txarrean nagoenean ez baitut gardena zaintzen
hasteko gogorik izaten, eta dolar bat eman nion sari bezala. Halere Jimmyk
kezkatuta bezala begiratu zidan, sudurra zimurtzeko berak daukan keinu very
nice horrekin.
ARGAZKI ALBUMA. Antton Kazabon.
Ander
trantze zail bat igarotzen ari da Aintzane ezagutu duenean, bera baino hamar
urte zaharragoa den erizaina. Harreman berri horri esker berreskuratuko ditu
bizipoza eta alaitasuna. Egun batean Anderrek bere argazki albuma elkarrekin
ikustea proposatuko dio Aintzaneri. Argazkiak ikusiz, besteak beste, aurrez bikote
zuen Maddirekin izandako zenbait bizipen ilunen berri eman beharko dio
Anderrek.
IZAR MALKOAK. Fernando Morillo
Beñatek hamasei urte ditu eta informatika eta neskak maite ditu beste edozeren gainetik. Infomatikan hacker-a izatea du helburu bere lagun Ibonekin batera. Nesketan hasi berria da. Izan du lehendabiziko harreman txiki bat Jaionerekin, baina Maider ezagutzen duenean konturatuko da, zer den lehendabiziko aldiz maitemintzea.
Diskoteka batean ezagutuko du Maider, katu-begi berdeak dituen neska. Harritu egingo da Beñat hain neska erakargarria berarekin geratzen denean. Berriro ikusteko itxaropena galtzen hasita dagoenean, azaldu egingo zaio etxean ustekabean. Eta horrek ere asko harrituko du Beñat. Maiderren portaerak, Maiderren jarrerak, Maiderren ateraldiek, Maiderren ia denak harritzen du Beñat. Maider zenbat eta gehiago ezagutu, harritzeko arrazoi gehiago izango ditu, ordea.
Eta ez denak oso atseginak.
NAHIAGI NUKE MUTILA BANINTZ. David Duran.
Sexuaz jakin nahi zenuen eta galdetzeak lotsa ematen zizun
ia guztia. Júlia kokoteraino dago hilekoaren tripako minekin, eta behin baino
gehiagotan desiatu izan du mutil bihurtzea. Egun batez, Hilekoaren Maitagarria
agertuko zaio bere desioa errealitate bihurtzeko. Maitagarriak Bis Zikloa eskainiko
dio: hurrengo hilekora arte ezohiko boterea izango du neska edo mutila izateko,
gogoak emandakoaren arabera. Gero erabaki egin beharko du neska jarraitu ala
mutil bihurtu nahi duen. Tarte horretan Júliak primeran pasatuko du, eta gauza
pila bat ikasiko du sexualitatearen eta pertsonen arteko harremanen inguruan.
MAITASUN SUA. Aitor Arana
Ekain mutil
bakartia da. Ikaskideekin harremanak izateko zailtasunak dauzka, eta, gainera,
oporretan eskolako idazlan nekagarri bat egin behar du, ikasturtea ondo
bukatuko badu. Idazlana egiteko dokumentazio bila dabilela, antzinako
eskuizkribu bat aurkituko du, eta bere bizitzarekin antzekotasunak dituen
abentura zirraragarri eta hunkigarri batean murgilduko da.
Maitasunaren
indarraz jabetuko da, eta, Montse lagun onak lagundurik, bere bizitzako
erabakirik garrantzitsuena hartuko du.
ITZAL SUNTSIGARRIEN GAUA.
Agustin Fernadez Paz.
Sarak, hamasei urteko neska batek, udako opor batzuetan zehar benetako altxor bat aurkitu zuen amonaren etxean. Han egokitu zitzaion logelan, mamu-presentzia bat nabaritzearekin batera, osaba ezezagun baten biblioteka eta zenbait dokumentu aurkitu zituen eta, haien bitartez, Espainiako Gerra Zibilean eta gerraondoko urte latzetan gertatutako amodio eta desamodio istorio ahaztezin batekin topo egin zuen. Gertakizun haiek ezagutu eta gero, Sarak beste era batera egingo zion aurre bizitzari.
Itzal suntsigarrien gaua gerrak, erbesteak eta distantziak hautsitako hainbeste ametsen memoriari buruzko gazte eleberri hunkigarria da.
URTEBETE ITSASARGIAN. Miren Agur Meabe
Urtebete iraungo du gerrak
Euskal Herrian, faxisten matxinadatik Santoñako errendiziora, eta bitarte
horretako gertaera nagusiak ezagutuko ditugu Jonen ikuspegitik, batzuk bere
begiz ikusiak eta beste batzuk han-hemen irakurriak edo entzunak. Horrela guk
ere ezagutu ahalko ditugu lubakiak eta gudaldiak, ebakuazioak nahiz
fusilamenduak, Gernikako bonbardaketa zein Bilboren jaustea... Leku berezia
eman dio egileak euskal kulturari, erdi disimuluan bezala agertzen baitira
orduko euskalgintzako hainbat izen: Lauaxeta, Erkiaga, Zubikarai, Aitzol...
Bestalde, Jon gurea hazten ari da, eta historiaren lekuko izateaz gain bere bizitzaren protagonista da, hainbat aldaketa izango dituena: lehen maitasuna gozatu eta sufrituko du, gizakiak duen onena eta txarrena deskubritu...
Bestalde, Jon gurea hazten ari da, eta historiaren lekuko izateaz gain bere bizitzaren protagonista da, hainbat aldaketa izango dituena: lehen maitasuna gozatu eta sufrituko du, gizakiak duen onena eta txarrena deskubritu...
ANIMALIEN INAUTERIA. Felipe Juaristi
Hartz jauna iratzarri da, jaiki, nagiak atera eta jantzi:
praka beltz lisoak, alkandora lodi koadroduna; gainean, jertsea. Mendiko botak
ere bai. Sua egin, ura berotu eta kafea prestatu. Leihotik begiratu eta ihintza
egin zuela konturatu zen. Zamarra hartu zuen badaezpada, betaurreko kutxa gorde
eta irten zen. Gandu artean, azeri jaunaren etxea ageri zen. Bost urte ziren
hartz jaunaren laguna joan zela. Desagertu egin zen. Hilda zegoela esaten
zutenak ere baziren. Goiz hartan, berriz, bere lagunaren etxetik kea zeriola
iruditu zitzaion hartz jaunari. Azeriaren itzulera zen!
Kilimanjaroko diamanteak. Yoseba Peña
Zertan dabil mutil hori jeep baten atzealdean ezkutatuta?
“Jolasean”, erantzungo duzue, baina “Afrikaren bihotzean dago”, gehituko dizuet
nik. (...) Von Silkek ez ikusteko sartu da Berain, gure mutila, jeeparen
olanaren azpian. Orain pentsatzen hasita, eskerrak handik atera ez den, bestela
metraileta eta pistola haiek bera ere apuntatuko zuten. Berainen gurasoek
jakingo balute! Lasai asko daude, ordea, etxean, Europan, semea Tanzaniako
Safari udalekuetan egongo delakoan Von Silken zaintzapean.
Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)