Papertxo batzuk prestatu ditugu: 1 eta 100 ez dakit zenbat bitarteko zenbakirekin. Poltsa batean sartu eta nahastu egin ditugu. Orduan, bakoitzak papertxo bat hartu du, bakoitzak jakin dezan zein ipuin suertatu zaion.
Gutako bakoitzak bere zenbaki ezkutua dauka. Ez dakigu nor izango den irakurtzen hurrengoa, ez zein izango den irakurriko duguna; ipuin batzuk irakurri gabe pasatu baitira, ez direlako zenbaki guztiak banatu.
Lau, bost, sei, zazpi esanez pasatuko dira liburuaren orriak. Zenbakia suertatzen zaionean, irakurleak errepikatu eta irakurtzen hasiko da...
Ez dago gaizki, elkarrekin egiten ditugun gauzetan parte hartzea. Liburu hau irakurri behar badugu, banan-banan denok irakurtzea. Diktaduretan maisuak irakurtzen du, ikasleak entzule dira. Demokratikoagoa da denon artean irakurtzea, eta are demokratikoagoa da bakoitzak nahi duena idaztea.
Liburu honen autoreak testuok zirriborro moduko bat direla abisatu digu. Berak idatzitak guztia, proposamen apal bat besterik ez dela, zalantzan ipintzeko, eta geuk nahi dugun gauzez eztabaidatzeko.
Oraingoz, ipuin hau irakurtzea tokatu zait, zertan ari garen azaltzeko pasartea. Batzuek ozen eta beste batzuek apal, batzuek ausart eta beste batzuek lotsati, batzuek hobeto eta beste batzuek okerrago, denok ari gara leitzen ikasten. Irakurtzea irakurtzen ikasteko modurik hoberena denez gero, geroago eta hobeto egingo dugula uste dut.
Irakurtzea, errime irakurtzea, gauzei soinu-banda ipintzea da. Isilean irakurtzea, gogoeta-banda ipintzea da.
Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako, Joseba Sarrionandia.