2015(e)ko urriaren 19(a), astelehena

ARAZOA

Umeak eskolan arazo larriak dituela-eta, amak laguntza eskatu dio maisuari. Umeak ez duela obeditzen eta dena oker egiten duela.
"Esaiozu umeari bihar nigana etortzeko", esan dio maisuak amari.
Umea goiz heldu da, deseroso, apur bat beldurturik:
"Eseri, mesedez", diotso maisuak. "Zein da arazoa?"
"Esku honekin idaztea nahi du amak...", hasi da umea, eskuineko besoa altxatu eta ezkerraz seinalaturik.
Maisuak berehala konprenitu du. Amak eskuina erabilarazten diola, haserre egiten diola ezkerraz idazteko mania kaltegarriagatik. Berari ere, amak behin baino gehiagotan lotu zion ezkerreko besoa soinean soka gogor batekin, orain hogeita hamar urte, lehenengo letrak idazten ikasteko orduan.
Oraindik ere ez dio amari esan zer mingarri eta zer gogaikarri egin zitzaizkion eskolako lehen urteak. Zer deserosoa izan zen dena.
"Zuk ez duzu arazorik", esan dio umeari, eskuineko eskuko hatz erakuslea erakutsiz. "Esaiozu amari bihar nigana etortzeko".


 Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako, Joseba Sarrionandia.

2015(e)ko urriaren 6(a), asteartea

OREINAREN IHESA

Suertatu al zaizue inoiz oreina ikustea?Niri bai. Behin, mendian nindoala, bat-batean agertu zitzaidan, aurrez aurre.

Ustekabean ikusi eta arnasarik ere ez nuen hartu, mementoa luzatzeko. Harriturik begiratu zidan berak ere neuri: zango luzeko, larru beilegi, adardun, begiak kandelaren sugarren modukoak. 

Neurea balitz bezalakoa izan zen, edo neu berea banintz bezalakoa, une batez, harik eta salto bat atzeruntz eman eta berehala basoan desagertu zen arte orein hori.

Halaxe egiten dute ihes orainek.





                               Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako, Joseba Sarrionandia.

BAREA

Zer bare pasatzen den barea. Ziztu bizian pasatuko balitz ez litzateke barea. Bareak ez daki ez abiadan, ez korrika, ez zapasaltoan. Astiro-astiro pasatzen da, putzuaren ertzean geratu den egurraren gainetik, adurrezko lorratz bat utzirik, lehortutakoan zilarrezkoa dirudiena.

Munduan erlojurik, dirurik, naziorik, erlijiorik ez balitz bezala bizi da barea, denbora aintzat hartu gabe, presa, arin, lehia berbak direnik ere ez dakiela.

Gelditu ez da egingo, mundua arrotza delako, edonondik hel daitekeelako etsaia. Geldirik egonez gero ez luke luzaroan biziraungo, beraz, badoa, baina astiro.

Bidearen amaieran heriotza dagoela dakielako doa, beharbada, hain bare.


                            Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako, Joseba Sarrionandia.

OSTADARRA

Ez al diozue euria egin ondoren hodeiertzean sortzen den kolore uztai argirari begiratzen?

Ederra eta miragarria zela ostadarra, esaten du amamak, zeruaren adarra zenean, edo Noeren eta Jainkoaren arteko aliantzaren zigilua zenean, edo Erromako zubia zenean...

Eta airean hiru puntu utzirik bezalako isilunea egin ondoren, jarraitzen du:
 "Baina berdin eder eta miragarria da orain ostadarra, eguzki argi-errainuen euri-tantetako errefrakzioa besterik ez omen den arren..."


                                     Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako, Joseba Sarrionandia.

IRAKURTZEA

Papertxo batzuk prestatu ditugu: 1 eta 100 ez dakit zenbat bitarteko zenbakirekin. Poltsa batean sartu eta nahastu egin ditugu. Orduan, bakoitzak papertxo bat hartu du, bakoitzak jakin dezan zein ipuin suertatu zaion.

Gutako bakoitzak bere zenbaki ezkutua dauka. Ez dakigu nor izango den irakurtzen hurrengoa, ez zein izango den irakurriko duguna; ipuin batzuk irakurri gabe pasatu baitira, ez direlako zenbaki guztiak banatu.
Lau, bost, sei, zazpi esanez pasatuko dira liburuaren orriak. Zenbakia suertatzen zaionean, irakurleak errepikatu eta irakurtzen hasiko da...

Ez dago gaizki, elkarrekin egiten ditugun gauzetan parte hartzea. Liburu hau irakurri behar badugu, banan-banan denok irakurtzea. Diktaduretan maisuak irakurtzen du, ikasleak entzule dira. Demokratikoagoa da denon artean irakurtzea, eta are demokratikoagoa da bakoitzak nahi duena idaztea.

Liburu honen autoreak testuok zirriborro moduko bat direla abisatu digu. Berak idatzitak guztia, proposamen apal bat besterik ez dela, zalantzan ipintzeko, eta geuk nahi dugun gauzez eztabaidatzeko.

Oraingoz, ipuin hau irakurtzea tokatu zait, zertan ari garen azaltzeko pasartea. Batzuek ozen eta beste batzuek apal, batzuek ausart eta beste batzuek lotsati, batzuek hobeto eta beste batzuek okerrago, denok ari gara leitzen ikasten. Irakurtzea irakurtzen ikasteko modurik hoberena denez gero, geroago eta hobeto egingo dugula uste dut.

Irakurtzea, errime irakurtzea, gauzei soinu-banda ipintzea da. Isilean irakurtzea, gogoeta-banda ipintzea da.


                                                
                                                    Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako, Joseba Sarrionandia.

HAINBAT LIBURU, HAINBAT IRITZI

AMAIA LAPITZ ETA ERREGIN GORRIAREN HILOBIA.

 KATIXA AGIRRE

Amaia Lapitzek nahiago luke uda Irlandan igaro, bere lagunen antzera, baina horren ordez ama arkeologoa lagundu beharko du Palenquera, Mexikoko hondakin maien eremura. Bertan emandako lehenengo gauean, deskubrimendu izugarri bat egingo du Amaiak: aztarnategiko zuzendariaren gorpuarekin egingo du topo. Poliziak gauzak argitzeko baino interes gehiago daukanez errua indigena zapatistei leporatzeko, Mario izeneko lagun egin berriaren laguntzaz kasua argitu beharko du gure protagonistak.

HAINBAT LIBURU, HAINBAT IRITZI

ULYSSES MOORE: DENBORAREN ATEA



 PIERDOMENICO BACCALARIO


Hiru neska-mutiko,Jason,Julia eta Rick, abentura irrikaz. Itsaslabarraren ertz-ertzeko etxea, giltzaz itxitako gela misteriotsuz betea.
Armairu atzean ezkutaturiko atea, inola ere irekitzerik ez dagoena.
Baina neska-mutikoek ireki egin nahi dute kosta ala kosta.


HAINBAT LIBURU, HAINBAT IRITZI

EZEKIEL




EZEKIEL. Jasone Osoro



Ezekielek hamalau urte ditu. Etxean amarekin eta arrebarekin bizi da, emakumezinguratuta. Aitak etxetik alde egin zuen, eta ez du hartaz oroitzapen askorik. Hamalau urteko mutil gehienek bezala, bizitza bi partetan banatuta dauka; batetik etxeko istiluak daude, eta bestetik kanpoko giroa: eskola, lagunak, koadrilaren lokala eta ... neskak. Neskek buruhausteak ematen dizkiote, etxe barruan eta kanpoan. Ezekielen koadrilako inork oraindik ez dio musurik eman neska bati. Eta denak amorratzen daude. Izan ere, abentura handia da lehenengo musua ematea.