Selma Lagerlöf, Literaturako Nobel saria
irabazi zuen lehen emakumea
Apirilaren
23an Liburuaren Munduko Eguna dela eta, idazle bati buruz arituko gara: Selma
Lagerlöf. Irakasle gisa lan egin zuen literaturak bizitzeko adina eman zion
arte. Emakumea eta feminista izateagatik, hainbat aldiz ez zuten aukeratu,
baina azkenean 1909an Literaturako Nobel saria irabazi zuen.
Selma Otiliana Lovisa Lagerlöf Suediako
Marbacka herrian jaio zen, 1858ko azaroaren 20an. Ez zuen kirolerako afiziorik,
agian, jaiotzatik aldakan arazoak izan zituelako. Ondorioz, beste zaletasun
batzuk garatu zituen, irakurtzea, adibidez. Eta oso gazte irakurri zituen
zenbait idazle ezagun: Dumas, Andersen, Scott.... Era berean, amonak ipuin asko kontatzen
zizkion, eta ipuin kontaketaren tradizioak eragin handia izan zuen bere
literaturan.
Irakasle eta idazle
Familia onekoa zen, baina urteak pasa ahala
ondasunak galdu zituzten aitak alkoholarekin zituen arazoen ondorioz. Hura hil
zenean, hark utzitako zorrei aurre egiteko, etxea saldu behar izan zuten eta
familia sakabanatu egin zen. Selma Landskrona herrira joan zen bizitzera eta
irakasle hasi zen lanean. Garaiko gizartea ezagutu zuen: pobrezia eta
emakumearen diskriminazioa. Horrek, batetik, bere idazlanetarako inspirazio
moduan balio izan zion; bestetik, gizon eta emakumeen berdintasunaren aldeko
lanari ekiteko.
Giro horretan ezagutu zuen Sophie Adlesparre baroisa (Suediako
mugimendu feministako ikur nagusia), eta hark konbentzitu zuen prosa lantzeko,
ordura arte, batez ere poesia eta idazlan solteak egin baitzituen. Gomendioari
jarraituz idatzi zituen Gösta Berlings saga (Gosta Berling-en saga) liburuaren
lehen atalak. Lehiaketa batera bidali eta irabazi egin zuen. Jasotako
sariarekin eta baroisak eman zion diruarekin irakaskuntza utzi eta erabat
dedikatu zen idaztera.
Inguruko errealitatearen kontakizunak
Selmaren lanek norbanakoen istorioak kontatzen
dituzte, eguneroko bizitzari buruzkoak dira. Bikain kontatzen zuen inguruan
gertatzen zena, eta errealitate horien inguruan eraikitzen zituen bere
fikziozko pertsonaiak. Literaturan aurrera egin zuen eta baita arrakasta lortu
ere. Eta aldi berean, emakumeen eskubideen alde gogor aritu zen. Horren
ondorioz, oztopo ugari aurkitu zituen Literaturako Nobel saria eskuratzeko
bidean. Emakume izatea nahikoa ez, eta gainera, ekintzaile feminista eta sufragista
zen. Akademiako epaimahaikide batzuentzat onartezina zen hori, sari horiek
gizonentzat bakarrik zirela pentsatzen baitzuten. Hala, bost aldiz geratu zen
lortzeko bidean, 1909an bere lanaren balioa aurreiritzien gainetik jarri zen
arte. Aurretik beste bi emakumek bakarrik irabazi zuten Nobel saria: Marie
Curiek Fisikakoa (1901) eta Bertha von Sutnerrek Bakearen Nobel saria (1905).
Saria emateko garaian Selmaren irudimen
zorrotza aipatu zuten epaimahaiko kideek. Gösta Berlings saga, Jerusalem eta Nils
Holgerssons underbara (Nils
Holgerssonen bidaia miresgarriak) lanak
aipatu zituzten, besteak beste. Azken hori eta Kristuslegender (Jesusen
Kondairak) euskarara ekarrita daude.
Naziengandik ihes egiten laguntzen
Idaztearekin batera, bizitza osoan egin zuen bezala, azken urteetan
ere behar zutenei laguntzen aritu zen. Horrela, naziengandik ihes egiten
lagundu zien hainbat idazle eta pentsalariri. Horien artean dago Nelly Sachs
poeta alemaniarra. Selmak eginiko bitartekari-lanari esker ihes egin zuten
Sachsek eta bere amak Alemaniatik Suediara. Selmak, ordea, ez zuen inoiz jakin
bere bitartekaritzak emaitzarik eman ote zuen, izan ere, 1940ko martxoaren
16an, aipatutako bi emakumeak Suediara iritsi aurretik hil zen, 81 urterekin.
Marbackan hil zen, jaiotetxean, diru-sarrera nahikoak izan zituenean berriz
erosi baitzuen familiaren etxea.
Sachesek Literaturako Nobel saria jaso zuen 1966an. Ekitaldian
Selma Lagerlöf goraipatu zuen eta eskerrak eman zizkion egindakoagatik.