AITA DONOSTIA
Jose Gontzalo Zulaika Agirre, ezagunagoa aita Donostia goitezenez.
Euskal
musikagilerik handienetakoa izan zen Aita Donostia, edo lan batzuetan izenpetu
ohi zuen bezala, «Udalaitz».
Donostiako Idiakez kaleko 5. etxean jaio zen, 1886ko
urtarrilaren 10ean. Hamar neba-arrebetatik hirugarrena, 6 urte zituela
hasi zen Donostiako Marianisten ikastetxean. Txiki-txikitatik erakutsi zuen
musikarako zuen trebetasuna eta horregatik gurasoek solfeo eta biolin eskola
saioetan matrikulatu zuten, hasieratik bertatik tresna horrekiko zaletasuna
izan baitzuen.1896 urtean, hamar urte zituela, musika ikasketak hasi zituen Baztango (Nafarroa) Lekaroz herrian kaputxinoen apaiztegian. Batxilergoa, nobiziotza eta eliza-ikasketak egin zituen han. 11 urte zituela Ikastetxean zuten orkestrarako lehen lana idatzi zuen, Diana izenekoa (1897) goizero ikasleak esnatzeko jotzen zena. Ikasketak bertan bukatu eta 1908ko abenduaren 19an apaiztu zen Iruñean. Berehala, nagusiek baimen berezia eman zioten musika lantzeko, eta handik aurrera ez zuen bere bizitza osoan beste lanik egingo, Lekarotzeko ikastetxean eskola apur batzuk emateaz gain: musika ikertu, sortu eta zabaldu.
Gaztetan, Baztango eta Sarako herri doinuak bildu zituen (Ikazkina
mendian, Euskal Eresiak, Gure herria, Trois Chants Basques eta Seaska-Euzko-Abestiak bildumak).
1909-1915 urteetan Besalu eta Siloseko abadetxeetan egon zen musika gregoriarra
ikasten, eta Parisen eta Bartzelonan musika ikasketak sakontzen. Pianorako obra asko idatzi zituen urte haietan: Preludios vascos,
Ocho melodías vascas, eta abar.
Hurrengo
urtean, 1916an alegia, Joaquin Larregla musikagile nafarrak Aita Donostiaren Preludios
vascos, Oñazez, Aitonaren ele-zaharrak, Seaska aldean eresiz eta Bordako
atalarrian obrak estreinatu zituen Madrilen; arrakasta izugarria izan
zen.
1917an
orkestra filarmonikoak Urruti-jaya, Irulea eta Aur-dantza ezagutarazi
zituen Sociedad Nacional de Música elkartean.
Henry
Ghéon poeta frantsesak bere poemei musika jartzeko eskatu zion Aita Donostiari,
eta arrakasta handiz estreinatu ziren Parisen 1921, 1926 eta 1936an.
Euskara etxetik kanpo ikasi zuen, baina 1932an
euskaltzain izatera ailegatu zen.
1936an, Espainiako
Gerra Zibila hastean, Frantziara erbesteratu
zen: Tolosa, Paris eta Mendi-Marzana (Landak) izan
zituen bizileku denbora laburrean; azkenean, Euskal Herrira itzuli
eta Baionan kokatu zen 1943 arte.
Urte hartan, 1943an,
Lekaroza joan zen berriro, baina urte hartan bertan Musikologiako Espainiako
Institutua sortu zuten Bartzelonan, eta han lan egin zuen 1944tik 1953
arte; musikologia atalean lehendabizi, eta folklore atalean geroago. Folklore
atalean, lan itzela egin zuen: gehienbat herri abestiari buruzkoak ziren sei
mila fitxa bildu, aztertu eta iruzkindu zituen. Euskal Herriko folkloreari
buruzko hitzaldi ugari eman zituen, erdaraz nahiz euskaraz, musikari buruzko
artikuluak idatzi eta nazioarteko musika kongresu nagusietan parte hartu zuen
aita Donostiak.
Euskal musikari buruz hitzaldi mordoska emateaz gain, euskaraz
nahiz erdaraz, munduan barrena ere ibili zen biltzar eta bileretan gure
musikaren berri emanez. Bildumarik handienak Música de
tecla en el Pais vasco, siglo XVIII, Musica y Musicos en el Pais Vasco eta,
batez ere, Euskel Eres-Sorta (Cancionero Vasco)obrak dira.
Aita
Donostia euskaltzaina izan zen, San Fernandoko Artederretako Akademiako kide,
Frantziako Musikologia Elkartekoa, Hispanic Society of America elkartekoa
eta Instituto Español de Musicologíakoa.
Donostian
hil zen 1956ko abuztuaren 30ean, hirurogeita hamar urte zituela.
Oñazez
Oi Bethlehem
Jorge Oteizak eginiko eskultura Lesakan.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina