2016(e)ko abenduaren 12(a), astelehena

AITA DONOSTIA



AITA DONOSTIA



Jose Gontzalo Zulaika Agirre, ezagunagoa aita Donostia goitezenez.




Euskal musikagilerik handienetakoa izan zen Aita Donostia, edo lan batzuetan izenpetu ohi zuen bezala, «Udalaitz».
Donostiako Idiakez kaleko 5. etxean jaio zen, 1886ko urtarrilaren 10ean. Hamar neba-arrebetatik hirugarrena, 6 urte zituela hasi zen Donostiako Marianisten ikastetxean. Txiki-txikitatik erakutsi zuen musikarako zuen trebetasuna eta horregatik gurasoek solfeo eta biolin eskola saioetan matrikulatu zuten, hasieratik bertatik tresna horrekiko zaletasuna izan baitzuen.


1896 urtean, hamar urte zituela, musika ikasketak hasi zituen Baztango (Nafarroa) Lekaroz herrian kaputxinoen apaiztegian. Batxilergoa, nobiziotza eta eliza-ikasketak egin zituen han. 11 urte zituela Ikastetxean zuten orkestrarako   lehen lana idatzi zuen,  Diana izenekoa (1897) goizero ikasleak esnatzeko jotzen zena. Ikasketak bertan bukatu eta 1908ko abenduaren 19an apaiztu zen Iruñean. Berehala, nagusiek baimen berezia eman zioten musika lantzeko, eta handik aurrera ez zuen bere bizitza osoan beste lanik egingo, Lekarotzeko ikastetxean eskola apur batzuk emateaz gain: musika ikertu, sortu eta zabaldu.

Gaztetan, Baztango eta Sarako herri doinuak bildu zituen (Ikazkina mendian, Euskal Eresiak, Gure herria, Trois Chants Basques eta Seaska-Euzko-Abestiak bildumak). 1909-1915 urteetan Besalu eta Siloseko abadetxeetan egon zen musika gregoriarra ikasten, eta Parisen eta Bartzelonan musika ikasketak sakontzen. Pianorako obra asko idatzi zituen urte haietan: Preludios vascos, Ocho melodías vascas, eta abar.
Hurrengo urtean, 1916an alegia, Joaquin Larregla musikagile nafarrak Aita Donostiaren Preludios vascos, Oñazez, Aitonaren ele-zaharrak, Seaska aldean eresiz eta Bordako atalarrian obrak estreinatu zituen Madrilen; arrakasta izugarria izan zen.
1917an orkestra filarmonikoak Urruti-jaya, Irulea eta Aur-dantza ezagutarazi zituen Sociedad Nacional de Música elkartean.
Henry Ghéon poeta frantsesak bere poemei musika jartzeko eskatu zion Aita Donostiari, eta arrakasta handiz estreinatu ziren Parisen 1921, 1926 eta 1936an.

Euskara etxetik kanpo ikasi zuen, baina 1932an euskaltzain  izatera ailegatu zen.
1936an, Espainiako Gerra Zibila hastean, Frantziara erbesteratu zen: Tolosa, Paris eta Mendi-Marzana (Landak) izan zituen bizileku denbora laburrean; azkenean, Euskal Herrira itzuli eta Baionan kokatu zen 1943 arte.

Urte hartan, 1943an, Lekaroza joan zen berriro, baina urte hartan bertan Musikologiako Espainiako Institutua sortu zuten Bartzelonan, eta han lan egin zuen 1944tik 1953 arte; musikologia atalean lehendabizi, eta folklore atalean geroago. Folklore atalean, lan itzela egin zuen: gehienbat herri abestiari buruzkoak ziren sei mila fitxa bildu, aztertu eta iruzkindu zituen. Euskal Herriko folkloreari buruzko hitzaldi ugari eman zituen, erdaraz nahiz euskaraz, musikari buruzko artikuluak idatzi eta nazioarteko musika kongresu nagusietan parte hartu zuen aita Donostiak.
Euskal musikari buruz hitzaldi mordoska emateaz gain, euskaraz nahiz erdaraz, munduan barrena ere ibili zen biltzar eta bileretan gure musikaren berri emanez. Bildumarik handienak Música de tecla en el Pais vasco, siglo XVIII, Musica y Musicos en el Pais Vasco eta, batez ere, Euskel Eres-Sorta (Cancionero Vasco)obrak dira.
Aita Donostia euskaltzaina izan zen, San Fernandoko Artederretako Akademiako kide, Frantziako Musikologia Elkartekoa, Hispanic Society of America elkartekoa eta Instituto Español de Musicologíakoa.
Donostian hil zen 1956ko abuztuaren 30ean, hirurogeita hamar urte zituela.



Oñazez



 Oi  Bethlehem
 



 

Jorge Oteizak eginiko eskultura Lesakan.

2016(e)ko azaroaren 8(a), asteartea

XALBADOR

         
              Aunitz maite duenak...



         MAITE  ZAITUZTET ORAINIK  

  Anai-arrebak, ez otoi pentsa neure gustura nagonik  
poz gehiago izango nuen albotik beha egonik.
Zuek ez bazerate kontentu,errua ez daukat, ez, nik
txistuak jo dituzute baina maite zaituztet oraindik   
                




NI NAIZ


Gure izakera desberdina da nola gauetik eguna,
 baina bakoitzak ereman behar Jainkoak eman diguna.
 Nik hori nehoiz ezin dut gorde ene aurpegi iluna,
 gorputza latza badaukat ere, bihotza daukat biguna.



 Asko alditan atsegingarri zuentzat izan beharrez
 alaiarena egiten dakit maitasunaren indarrez;
 baina barrua goibeldua maiz mundu hontako gaitz txarrez,
 alai agertzen naizela ere bihotza daukat negarrez.



 Zuen zorionak pozten nau ni ez naiz gizon bekaiztia
 baina barnetik sentitzen ditut ongia eta gaizkia.
 Ez naiz izar bat, hori badakit, ezta ere iguzkia,
 baina horrela har nazazue, hori da naizen guztia.


MUNDURAT EMAN  NINDUZUN (Xalbador/ Benito Letxundi)

           Ama, nola zure belaunetan 
nindadukazun denboran, 
utz nezazu zure bularrean 
burua pausa dezadan; 
ene bihotzak zer sendi duen 
nahi baiterautzut eman, 
zure ezpain sakratuetarik 
ikasi nuen mintzairan.

Ene deia amodioaren 
bidez zinuen entzun,
eta gero oinazen erdian 
mundurat eman ninduzun; 
biziaren grazia lehenik, 
gero hoinbertze maitasun, 
berant jakin dut, ama maitea, 
zendako eman dautasun. 

Adierazi zerautanean 
odolak bere mintzoa,
berriz gogoratu zitzerautan, 
o ama, zure altzoa; 
bai ta zure bularretik hartu 
esne on haren gozoa, 
orduz geroztik zurea naukan 
ene izaite osoa.



 ANDREA

Andrea ez dut nik hartu geroko menturan,
neguaz pentsa gabe maitatu dut udan;
bainan oraintxe jartzen ari naiz ni dudan
gero ta maiteago zergaitik zaitudan.

Zure egina nauzu muina ta hezurra,
hola pasako zela banuen beldurra;
oraino´re zurekin ni beti gostura,
zutan kusi nuena ez baitzen gezurra.

Iguzki egina da zu zaren itzala,
luzaro elgarrekin gaitezke,oxala!
ikusten dut beti ta hobe zoazala,
armairu-xokoan dan ardoa bezala.


EMAZTEA

Ene lagunak, otoizten zauztet, maite zaituztedan ainbat,
gizonagoak ager gaitezen emaztearen alderat.
Errespetua ekarri behar giniokela deraukat,
andrea ere norbait da  eta ez  gizonaren gauza bat.

O, baginaki bihotza zonbat minbera duen andreak,
gizon hok izan behar ginuke garenak baino hobeak.
Ikusten zaizko gure gostuen aurka dituen moldeak,
ez ordea, guk nahigabeturik, hark egin  negar gordeak.

Jaunak Adami ezarri zion Eba laguntzat aldean:
lagun, munduko ibil aldian, lagun, zeruko bidean.
Eba bietan ahulena da, indarrak duen legean,
bainan lehena, kreatzea den kargu parerik gabean.

Aurteng' urtea deitu daukate andren urte berezia,
iduri eta aurten artean etzutela merezia.
Nik eskatzen dut geldi dadila behin betikotz hautsia,
emaztekia gizonetarik berexten duenn hesia.


HERRIA ETA HIZKUNTZA (Xalbador/ Mikel Laboa)


Iragan egun batez, ostatu batean
bi lagun ari ziren ez ta ba betean;
biak ziren euskaldun zintzoak ustean,
hala ere ezin adi elgarren artean;
entzuten egona naiz omore tristean.

Ez dut osorik hartu baten parabola,
erderaz mintza baitzen, berak jakin nola:
gure herri maiteaz zuela axola,
hau, bere gain baharra, bertzen men dagola,
"Gora euskal-herria", frantsesez ziola.

Bertzea oldartu zen euskera garbian:
"Gure hizkuntza ez da galduko agian!
Hori dugu berexik guk Euskal-herrian,
Gainerakotan gaude bertzen negurrian;
frantses eginak gira joan den aspaldian!"

Bi gizon horietan, zugaitz onekoa
batek ondoan zuen, bertzeak ostoa;
gauza arrado hori ez dut gustokoa,
mendian bizi arren, dut ikustekoa
gaztainaren aldaxkez jantzirik pagoa.

Bat herria goratzen arrotz baten gisa,
arrotz nahiak berriz herriaren hitza;
gureak ja egin du, gaiten garbi mintza,
lano pean bezala galduak gabiltza,
ez daizke bi nagusi batean zerbiltza!

Elgarri direlakotz bi gizon jazarri,
gauza bat bera dute bi pusketan zarri;
gauza bat bera dute bi pusketan zarri;
erakatxi hahi dut nik puskak elgarri,
gure hizkuntza eta gure Euskal-herria.

Konparatzen baitut izaite bateri.
Anai-arrebak, entzun ene aho-otsa:
izaite bat ez daike hezur hutsez osa;
herria da gorputza, hizkuntza bihotza;
bertzetik berextean bitarik bakotxa,
izaite horrendako segurra hil hotza.

Batzu herriaz orroit, euskeraz ahantzi
bertzek euskera maite, herria gaitzetsi;
hizkuntza ta herria berex ez doatzi,
berek nahi daukute konpreniarazi
bata bertzea gabe daizkela bizi.



NIGARRA BEGIAN (Xalbador/ Benito Lertxundi)

Sumatuz euskaldunak, 
ospetsu nahian,
guretik deus ez duen 
hizkuntza mihian,
sofritzen egoiten naiz 
horien erdian,
gutaz ahalgetuta, 
nigarrra begian.

Nehoiz etzeraukula, 
nik ez dut etsiko,
gure kontzientzia 
atzartzen hasiko;
egungo balentriak 
ez baitu betiko
odolaren mintzoa 
isilaraziko.

Oi entzule maitea, 
otoi barkamendu,
ez badut bozkarioz 
kantaldi hau ondu!
jostetako gogoa 
dautate kendu,
aunitz maite duenak 
aunitz sofritzen du.








AMA EUSKAL HERRIA ( Xalbador/ Anje Dualde)

Delikatua baitut egungo sujeta, 
hasi aintzin egin dat zonbait gogoeta, 
gure arteko asko ele entzun eta, 
euskaldun agertzea ez baita jasteta. 

Ama Euskal-Herriaz naiz naigabetua, 
uzterat doalakotz betikotz mundua, 
bere seme alabez abandonatua; 
nork barka dezaguke gure bekatua? 

Badakir askoz ere nukela hobea 
nehori ez agertu ene dolarea; 
odolaren mintzoa eduki gordea 
nahiko nuke, bainan ezin dat ordea. 
Ama Euskal-Herriaz... 

Bata dela eskuina, bertzea ezkerra, 
euskaldunen artean dugu herra, 
ahantziz, Ama, zure maitasun ederra; 
horra zure seme hok dautzugun eskerra. 
Ama Euskal-Herriaz... 

Baztertu dugulakotz zure maitasuna, 
desegin da betiko gure batasuna; 
gu baitan aditzen da gudu oihartzuna, 
hau da zuri bizia hekendu dautzuna. 
Ama Euskal-Herriaz... 

Lehen sartu zitzauzun ezpata zorrotza 
zure etxe nagusi jartzean arrotza; 
halere etzitzauzun gelditu bihotza; 
etxekoen eskutik duzu heriotza. 
Ama Euskal-Herriaz... 

Hil hobi huntan noizbat norbait badabila, 
zure izaitearen herrestoen bila, 
lurpetik entzunen du deiadar bipila: 
hernen dago ama bat bere haurrek hila! 
Ama Euskal-Herriaz...








SORTETXEARI

Oi gure etxe maitea,
oroitzapenez betea,
zorionaren atea!
Zure altzoan iragana dut
sortzetik orai artea.
Izanagatik pobrea, bertzeak baino hobea
ni sortu nintzan etxea.

dudalarik zerbait pena
zu zaitut lagun lehena,
ihes leku  hoberena.
Zure alderat inguratzen naiz
ahalik eta maizena.
munduko leku maitena,
zuri zor dautzut naizena:
izena eta izana.

Ene haur onak, badakit
luzaro gabe engoitik
joanen naizela mundutik.
Arbason ganik ukan dohaina
ez utz sekula eskutik,
aldegitean hemendik
heier erraitea  gatik;
Etxea han dago xutik!

Pertsu hauk bururatzean,
azken finez orroitzean,
emanen naiz otoitzean:
Etxea, noizbait utziko zaitut
aunitz pena bihotzean;
jaunak, zure babesean,
nola bainintzan sortzean,
naukala heriotzean.


ESPERANTZARIK GABEKO AMODIOA (Xalbador/ Txomin Artola)


Amodioa gauza tristea, bihotzen higatzailea,
guziz enea bezala bada esperantzarik gabea.
Gizonarentzat hau baino malur handiagorik badea ?
Ikusten eta ezin eskura maitatzen duen lorea !...
Hunela bizi baino aunitzez hobe litaike hiltzea !

O, Jainko ona, zendako bada egin nauzu hoin maluros,
begien bixtan izar eder bat ezarri dautazulakotz,
ikus orduko maite nuena nik ditutan indar oroz ?
Harek ordainez ez du enetzat ez begi eta ez bihotz...
Nehoiz ikusi izan ez banu hobeko nuen ondikotz!
Oi, ene maite ezin ukana, zoin zaren xarmegarria !
Maite dut zure begitartea, maite zure boz eztia,
halaber zure irri gozoa, zure izaite guzia ;
zuretzat baizik ez dut begirik, zare ene iguzkia,
gau eta egun zuri pentsatzen deramat ene bizia.

Martxoko hormak galduko duen lore pollit goiztiarra,
ta eihartzerat bortxatua den aizeak hautsi abarra :
ene bihotza ez ditaikea gauza horier konpara ?
Nehoiz enea ez da izanen maitatzen dutan izarra,
hortaz oroituz maiz etortzen zaut nigarra begietara.

Aitortzen dautzut, ene maitea, goiz aski banakiela
etzintaizkela enea izan, bertze batentzat zinela ;
bainan halere maitatu zaitut, ez bainezaken bertzela ;
ene bihotza, bizi naizeno, izanen zaizu fidela,
zuretzat bizi ez banitaike, zuretzat hil nadiela !


PRIMADERARI  (Xalbador/ Erramun Martikorena)



Apirilean goiz eder batez goizik bainintzan atzarri,
Eta ohea uzteko nagiz nindagola pentsalari,
Etxe aintzineko sagar arbolan xori bat zagon kantari:
Gau hartan zerbait gertatu zela, beha nezon kanpoari,
Negu zitalak lekua utzi ziola primaderari.
Ene barnean senditu nuen gazteko sugar piztura,
Bihotza berriz airatu zauntan kanpoko xori xixtura;
Lur gain guziak galdua zuen negu beltzeko histura,
Ni gandik ere aldaratu zen zahartzearen tristura:
Etsipena zen leku guzitan argi berri bat piztu da!
Xori pareak ikusten ziren bel’izpi bana mokoan,
Erasiaka han zabiltzala, sar ateraka, sasuan,
Jainkoak berak erakatsirik dakiten soinu gozoan,
Ohantze berri baten egiten elgarren amodioan,
Maitasun hortan sortu beharrak diren umeak gogoan.
Xoraturikan kanpoari so iragan ditut orenak,
Bixtan nituen bizi huntako dohainikan ederrenak,
Niolarikan: Norentzat bada, gauza eder hauek denak?
Nola ahantzi itsuak eta presondegian daudenak?
Primaderaren edertasunik ikusi ezin dutenak!
Primaderaren iduria da gizonen gaztetasuna,
Apirilean entzuten diren xori kanten oihartzuna;
Indar guzia berekin dauka, gainerat edertasuna;
Gazte maitea, estima zazu zutan duzun ontasuna,
Zoin ederra den ikasi orduko iragan behar zaizuna!







KUKUA ETA PRIMADERA (Xalbador/ Imanol eta Pako Ibañez)

Jainkoak emaiten du
hainbeste aholku
urtearen barruan
asko heldu zauku
batzu alaiak eta
beste batzu mutu.
Kukuak primaderan
egiten du kuku
biziaren esperantza
erakartzen dauku.

Esaera zahar bat
berritzera nua
kukua berrikitan
baita ixildua.
Ezpada akabatzen
guretzat mundua
gu harekilan bainan
denbora badua
berriz ere entzunen da
kukuen oihua.

Askotan ikusi dut
arbola batean
lagunak etzituen
nahi bakean.
Uda hor zen gainean
hura joaitean,
entzunen al dut berriz
heldu den urtean
ez dut gozorik berriz
hura entzun artean.








XALBADORREN HERIOTZEAN  (Xabier Lete/ Xabier Lete)

Adiskide bat bazen 
orotan bihotz-bera,
poesiaren hegoek
sentimentuzko bertsoek 
antzaldatzen zutena.

Plazetako kantari 
bakardadez josia,
hiltzen lihoa iruten
Bere barnean irauten 
oinazez ikasia...
ikasia.

Nun hago, zer larretan
Urepeleko artzaina,
Mendi hegaletan gora
oroitzapen den gerora
ihesetan joan hintzana.

Hesia urraturik 
libratu huen kanta,
lotura guztietatik
gorputzaren mugetatik 
aske senditu nahirik.

Azken hatsa huela 
bertsorik sakonena,
inoiz esan ezin diren
estalitako egien 
oihurik bortitzena...
bortitzena.

Nun hago, zer larretan
Urepeleko artzaina,
Mendi hegaletan gora
oroitzapen den gerora
ihesetan joan hintzan



2016(e)ko urriaren 31(a), astelehena

HAINBAT LIBURU, HAINBAT IRITZI

Voltaire kaleko abenturak: Ez dago mago handirik hil behar.

Annettek eta Fabricek egiazko misterioari aurre egin beharko diote: Offenbach magoa, zalantzarik gabe eskujokarien erregea dena, hiltzeko arriskuan dago. Munduko mago handienen bileran eraso diote. Bi neba-arrebak ikerketari ekiteko prest daude: daukaten aztarna bakarra"frakez jantzitako gizon bat"da, krimenaren toldan ikus...

2016(e)ko urriaren 10(a), astelehena

Wolfgang Amadeus Mozart

       Wolfgang Amadeus MOZART  
              1756-1791

Mozartentzat musika egitea,musika jotzea, benetan erraza izan zen. Hitz egiten ikasi zuen bezala ikasi zuen  musika ulertzen .
Lau urte zituela hasi zen Klabikordioan piezak jotzen. Bost urterekin  jada konposatu egiten zuen eta denbora gutxian organista bikain, biolin jole aparta eta abeslari zoragarria bihurtu zen.
Hamabi urterekin bere lehen opera konposatu zuen eta ordurako zuzendari bikaina zen. Bitxia izango zen  haur bat pertsona helduez osatutako orkestra profesional bat zuzentzen ikustea. Baina guztiek garbi zeukaten prodijio baten aurrean zeudela.
Haur maitagarria zela esan daiteke, umoretsua eta benetan ederra zelako. Gainera, oso dotore janzten zen eta bere ile kizkurra ere ederki zegokion edertasun hari.
Erraz maitemintzen zen haurra izan zen  Amadeus, behin gainera Maria Antonietaz                     ( Frantziako errege izango zena)  burua galduta, txoro-txoro eginda,  ibili zen . Gero, Frantziako iraultzan, Maria Antonietak "galduko" zuen bere burua.
Handitzen joan zen heinean bere umorea bitxia izatera iritsi zen. Oso umoretsua eta jatorra izan zitekeen baina, desatsegina izaten ere bazekien.
Mozarten aitak, Leopoldok ; biolin jole, konpositore eta musika irakasle zenak; erabaki zuen munduak Mozarten eta bere arreba Maria Anaren (Nanner) musika entzun behar zuela eta horrela, Salzburgo utzi eta Europako hirietan barrena hasi ziren kontzertuak eskaintzen. Kontzertu horietan Nanner hasten zen lehenik pieza zailak interpretatzen eta ondoren Mozartek ikuslegoa eklipsatuta, txundituta uzten zuen. Ikuslegoa sinetsi ezinik geratzen zen Mozarten abileziarekin  eta teklatuaren gainean zapi bat jartzen zioten akats bat edo egin zezan.


 Pianorako 16. sonata edo "Erraza"


Salzburgon artzapezpikuarentzat lan egiten zuen eta honek zerbitzari bat bezala tratatzeaz gain huskeri bat ordaintzen zion. Azkenean, 25 urte zituela  bertatik alde egitea lortu zuen.  Salzburgoko loturetatik askatuta  berehala lortu zuen fama. Kontzertu ugari eskainiz, operak konposatuz eta bere orkestra lanak zuzenduz,
Hogeita hamar inguruko Mozart ordea desberdina zen. Txikia zen, baina buru handi xamarra zuen  eta   gaztetan biruela pasa ondoren aurpegia  markaz beterik gelditu zitzaion. Edozein modutan  ileordea kendu eta  bere ilea zaintzen zuen. Arro baitzen bere ileaz eta zaintzarako barberu bat izaten zuen.
Hogeita sei urte zituela  Konstantza Weberrik ezkondu zen, hogeita bat urteko abeslaria.
Baina aurrez Aloysiarekin ( Konstantzaren ahizpa) maiteminduta egon zen eta honek ezetza eman zion.  Leopold aitak ez zituen Webertarrak gogoko eta ez zuten Konstantza guztiz onartu. Eta Mozart aita eta arrebarengandik atzendu egin zen.
Mozartek ekonomikoki ez zuen bide egokia egin eta Konstantzaren egoerak ez zion lagundu. Mozartek garai batean diru asko irabazi bazuen ere ez zuen aurrezten.  Ondo pasatzea zelako bere nahia: dantzarako festak antolatzen zituen, zaldi bat erosi zuen, billarrerako mahai izugarri bat  zeukan, eta modako arropa garestia janzten zuen. Konstantzaren osasunarentzat ere diru asko behar zuen, gehienetan haurdun zegoen nahiz eta  bi seme bakarrik izan.
Mozart senar-emazteak guraso  bitxi xamarrak izan zirela esan daiteke. Behin haur jaio berria zaintzailearekin utzi zuten hiru hilabetetarako, eta itzulerako haurra jada hila  zegoen.
Mozart bizi zen etxean ere giroa eta jendea ez zen falta.  Bere ikasleak ere bertan bizi ziren, kopistak ere egoten ziren eta gainera  lagunak   ere gonbidatzen zituen.
Lagunei etxean zeudenean ez zien  jaramonik egiten eta bere kasa ibiltzen zen esku oihal batekin jolasean edo alde batetik bestera zerbait buruan konposatzen. Lagunak joaten zirenean Konstantzak esango zizkion berriak  berak buruan edukitako musika idazten zuen bitartean.

Jupiter sinfonia. Lehen mugimendua


Baina Mozart bere alaitasuna eta bizi poza  galtzen hasi zen.  Ezkondu ondoren ez zuen  bere aitarekin harreman  estua eduki . Eta aita hil zenean  kezkak , zalantzak sortu zitzaizkion, bere esanak  zituen gogoan. Bestalde, Mozarten helburua Enperadorearen kortean  postu garrantzitsu bat lortzea zen eta ez zuen lortu.  Batez ere, Sallieri konpositore  italiarrak bere aurka konspiratzen zuelako. 
 1791n bi opera eskatzen dizkiote “ Txirula magikoa” eta “ La Clemenza de Tito” baina ordurako  depresioan erortzen eta osasuna galtzen hasia zen. Gainera paranoian erori zen eta norbait  bera pozoitzen ari zela sartu zitzaion buruan.   Gauzak okertzeko, beltzez jantzitako gizon misteriotsu batek “Requiem”a (hildakoen meza) enkargatu zion. Orduan Mozartek pentsatu  zuen mezularia beste mundutik zetorrela eta Requiema beretzat zela. Meza benetan konde baten emaztearentzat zen eta berak konposatua izan balitz  bezala azaldu nahi zuen.
Mozartek ez zuen Requiema bukatu eta ikasle batek amaitu zuen. 
Giltzurrunek ez zuten ondo lan egiten, gorputza puztu eta… hil egin zen.
Azken  egunetan negar batean egon omen zen  usten  zuen egoera ikusiz: bi seme eta emaztea xentimorik gabe uzten baitzituen.
Ondoren atsekabe gehiago etorri zitzaizkion familiari: Konstantzak lur jota senarraren  gaixotasunak kutsatzea nahi zuen;  gizon bat agertu zen , non bere emaztea Mozarten ikasle izana haurdun zegoen, eta Mozarten emaztea labanaz zauritu zuen, eta ondoren bere buruaz beste egin zuen.
Sallieri akusatua sentitu zen eta eroetxe batean hilko zen.
Mozarten hileta penagarria izan zen. Hilobi komun batetan lurperatu zuten eta  ez familiakorik , ez lagunik ez zen bertaratu.

Txirula magikoa.  Gaueko erregina.



 Hainbat jakingarri:
  • Leopoldek, Mozarten aitak, 1756. urtean bibolina jotzeko tratatu edo liburuxka bat idatzi zuen. Gaur egun oraindik argitaratzen da, batez ere garai hartan bibolina nola jotzen zen jakiteko erabiltzen da.
  • Leopoleri dirua irabaztea eta diru kontuak ondo eramatea gustatzen zitzaion. Gainera, bazekien Amadeusi ez ziola inork lagunduko eta bekaizkeriaz jotako hainbat musiko aukerak  lapurtzen saiatuko zela. Aldiz Amadeusentzat lehen helburua  musika ederra interpretatuz ondo pasatzea zen.
  • Amadeus,  sei urterekin Europar hirietatik  zehar bidaiatzen eta kontzertuak eskaintzen hasten da. Honek bere osasunean eragina izango du baina baita ere  Musika hezkuntzan. Adibidez, Bachen seme gazteena ezagutu zuen Londresen. Erroman Allegriren " MIserere" obra sakratua  behin entzun  eta transkribatzeko gai izan zen.
  • Mozartek bere amarekin bidaiatu zuen  Salzburgoko artzapezpikuarekiko loturak hautsi ondoren. Bere ama Parisen hil zen.  Mozart guztiz atsekabeturik eta bakarrik sentitu zen eta berriro ere Salzburgora itzuli zen.
  • Vienan haseran kontzertu ugari izan zituen baina azken urteeetan kontzertuak  gutxitu egin zitzaizkion eta bere zorrei aurre egitea ia ezinezkoa egin zitzaion.
  • Zergatik izan zituen hain lagun gutxi? Behar bada harroa zelako. Berak bazekien ingurukoak baino hobea zela eta horrek  bekaizkeria sortzen zuen besteengan. 
  • Mozarti lagundu ziotenak  batez ere Masoiak izan ziren. Masoien  elkartea  aristokrata eta erdi mailakoez osatutako elkarte erdi sekretu bat zen. Hauen helburua  guztientzat askatasuna eta berdintasuna lortzea zen.  Elkarte hau Austriako enpreradorearentzat arriskutsua zen, masoien ideikin ez zelako fido.
Requiema