2015(e)ko azaroakren 27(a), ostirala

HAINBAT LIBURU, HAINBAT IRITZI


ULISES CABAL: "Ikastetxe sorginduko misterioa"


    
     Salamancako ikastetxe zahar batean fantasma bat dabilen susmoa sorrarazten dute  gertaera harrigarri batzuk. Ulises Cabal detektibe aztiak aztertu beharko du hasierako susmo bitxi horiek egiazkoak diren ala ez.
      Ulises Cabal liburu-saltzaile jakitun bat da, misterio ilun eta ezkutuak argitzea gustatzen zaiona, bere behaketarako sen zorrotza eta bere dedulzio ahalmen izugarria erabiliz. Ulises Cabalentzat enigma bakoitza azalpen posibleren bat duen erronka da, zaila izan arren.

HAINBAT LIBURU, HAINBAT IRITZI


Michael Morpurgo: Kensukeren mundua


Duten guztia saldu eta belaontzi bat erosi du Michaelen aitak, munduari bira emateko asmoz. Ozeano Barea zeharkatzen ari direla, gau ekaiztsu batean, Michael kareletik behera erori da. Hurrengo goizean hondartza batean esnatu da, uharte jendegabe batean. Robinson Crusoeren antzera bizi beharko du uhartean, baina laster konturatuko da ez dagoela bakarrik, agure japoniar bat prest dagoela bera babesteko.
Abentura nagusi den liburu honetan adiskidetasuna lantzen da. Ilustrazioek irakurketa errazten dute, azkar batean amaitzen den liburu horietakoa baita.

HAINBAT LIBURU, HAINBAT IRITZI

Bihotz ausarta. Joanex Urkixo.








Hamalau urte betetzera doanean, Urtzirentzat bizitza ez da oso atsegina. Hutsune handia nabaritu du bere barruan eta ez daki nola bete. Aitaren errietak eguneroko ohitura bihurtu dira. Azterketetan ustelak ateratzen hasi da eta munduko neska zoragarrienaz maitemindurik dago, baina hark ez dio jaramonik egiten. Arazo hauei guztiei aurre egiteko, Urtzik bihotz ausarta duela erakutsi beharko du...                     

2015(e)ko azaroakren 18(a), asteazkena

reykjavik

"Islandiako hiriburua zein da?", galdetu zion berriz irakasleak mutikoari.

Eta mutikoak ez zekien. Zelan jakingo zuen bada, beste arazo batzuk izan zituen buruan, ez zen entzuten egon. Bazegoen han mapa bat horman zabalik, Islandia mapan non zegoen ere ez  zekien.

Irakasleak erregela hartu eta zutitzeko agindu zion. Zutitu ahala, hiruzpalau kolpe jo zizkion bizkarrean. Haurra isilik eta negar anpuluka geratu zen idazmahaian.

Eskolatik irtendakoan, mutikoak espaloia hartu zuen. Bakarrik zihoan etxerantz, txakur bat hasi zenean bere aldamenean ibiltzen. Hotza egiten zuen, iluntzea zen, mutikoa espaloi gainetik, txakurra kaletik, bazirudien lagun zihoazela goibelean.

Derrepentean,mutikoak hatz erakusleaz seinalatu zuen txakurra:

"Islandiako hiriburua zein da?", ozen galdetuz.

Begirada arraroz erantzun zion mutikoari txakurrak, mutu.

Mutikoak, ustekabean, ostikada gogor bat jo zion boten puntaz. Txakurrak intzirika egin behar izan zuen ihes.


Joseba Sarrionaindia: Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako.



 

2015(e)ko azaroakren 9(a), astelehena

HAINBAT LIBURU, HAINBAT IRITZI

ULYSSES MOORE AHAZTUTAKO MAPEN DENDA, Pierdomenico Baccalario

 
 
 
 
 
Hiru neska-mutiko, Jason, Julia eta Rick, abentura irrikaz...
Itsaslabarraren ertz-ertzeko etxea, gela misteriotsuz betea...
Irekitzen den atea...
Altxorra eskutatzen duen mapa misteriotsua...
Liburu hau gustatu bazaizu, ez galdu Jason, Julia eta Rick lagunen beste abentura hau. Denboraren atea.

HAINBAT LIBURU, HAINBAT IRITZI

AMAIA LAPITZ ETA DIDOREN ERMANDADE SEKRETUA, Katixa Agirre

 
Mexikoko gertakarien ondoren, Tunisiara joan da Amaia Lapitz, ama eta amonarekin batera oporrak pasatzera. Lasaitasun gutxi izango dute, ordea: batetik, Udaberri Arabiarraren hasierako matxinada egokituko zaie parean; bestetik, Kartago zaharreko hondakinen misterioan nahastuko dira, nahi gabe. Eta Amaia, bere lagun Leila eta Tarekekin batera, abentura berri batean murgilduko da, arrisku eta emozioen artean Tunisiatik Londresera eramango duena.
 

HAINBAT LIBURU, HAINBAT IRITZI

EZEKIEL NORAEZEAN, Jasone Osoro




Ezekielek 15 urte ditu, lagunarte jator bat, neska-lagun moduko bat... Bizitza zoriontsu hori aldatu egingo da, ordea, inoiz ikusi ez duen aita bat-batean agertzen denean: ezagutu nahi luke, batetik, baina baita aldegin izana aurpegiratu ere. Horrez gain, beste hainbat arazo ditu mutilak: arrebarekin eta amarekin dituen eztabaidak, lagunekiko gorabeherak, gustuko bi neskaren artean sentitzen dituen zalantzak...

2015(e)ko azaroakren 3(a), asteartea

ARAZOAREN ZAILTASUNAZ

Hizkuntza diferenteak hitz egiten dituzuenean  ez diozue, gehienetan, batak besteari konprenitzen.
Hizkuntza bera erabiltzen duzuenean ere ez diozue, sarritan batak besteari konprenitzen.
Zuen arazoa, benetan, oso zaila da.
idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako. Joseba Sarrionaindia




2015(e)ko urriakren 19(a), astelehena

ARAZOA

Umeak eskolan arazo larriak dituela-eta, amak laguntza eskatu dio maisuari. Umeak ez duela obeditzen eta dena oker egiten duela.
"Esaiozu umeari bihar nigana etortzeko", esan dio maisuak amari.
Umea goiz heldu da, deseroso, apur bat beldurturik:
"Eseri, mesedez", diotso maisuak. "Zein da arazoa?"
"Esku honekin idaztea nahi du amak...", hasi da umea, eskuineko besoa altxatu eta ezkerraz seinalaturik.
Maisuak berehala konprenitu du. Amak eskuina erabilarazten diola, haserre egiten diola ezkerraz idazteko mania kaltegarriagatik. Berari ere, amak behin baino gehiagotan lotu zion ezkerreko besoa soinean soka gogor batekin, orain hogeita hamar urte, lehenengo letrak idazten ikasteko orduan.
Oraindik ere ez dio amari esan zer mingarri eta zer gogaikarri egin zitzaizkion eskolako lehen urteak. Zer deserosoa izan zen dena.
"Zuk ez duzu arazorik", esan dio umeari, eskuineko eskuko hatz erakuslea erakutsiz. "Esaiozu amari bihar nigana etortzeko".


 Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako, Joseba Sarrionandia.

2015(e)ko urriakren 6(a), asteartea

OREINAREN IHESA

Suertatu al zaizue inoiz oreina ikustea?Niri bai. Behin, mendian nindoala, bat-batean agertu zitzaidan, aurrez aurre.

Ustekabean ikusi eta arnasarik ere ez nuen hartu, mementoa luzatzeko. Harriturik begiratu zidan berak ere neuri: zango luzeko, larru beilegi, adardun, begiak kandelaren sugarren modukoak. 

Neurea balitz bezalakoa izan zen, edo neu berea banintz bezalakoa, une batez, harik eta salto bat atzeruntz eman eta berehala basoan desagertu zen arte orein hori.

Halaxe egiten dute ihes orainek.





                               Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako, Joseba Sarrionandia.

BAREA

Zer bare pasatzen den barea. Ziztu bizian pasatuko balitz ez litzateke barea. Bareak ez daki ez abiadan, ez korrika, ez zapasaltoan. Astiro-astiro pasatzen da, putzuaren ertzean geratu den egurraren gainetik, adurrezko lorratz bat utzirik, lehortutakoan zilarrezkoa dirudiena.

Munduan erlojurik, dirurik, naziorik, erlijiorik ez balitz bezala bizi da barea, denbora aintzat hartu gabe, presa, arin, lehia berbak direnik ere ez dakiela.

Gelditu ez da egingo, mundua arrotza delako, edonondik hel daitekeelako etsaia. Geldirik egonez gero ez luke luzaroan biziraungo, beraz, badoa, baina astiro.

Bidearen amaieran heriotza dagoela dakielako doa, beharbada, hain bare.


                            Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako, Joseba Sarrionandia.

OSTADARRA

Ez al diozue euria egin ondoren hodeiertzean sortzen den kolore uztai argirari begiratzen?

Ederra eta miragarria zela ostadarra, esaten du amamak, zeruaren adarra zenean, edo Noeren eta Jainkoaren arteko aliantzaren zigilua zenean, edo Erromako zubia zenean...

Eta airean hiru puntu utzirik bezalako isilunea egin ondoren, jarraitzen du:
 "Baina berdin eder eta miragarria da orain ostadarra, eguzki argi-errainuen euri-tantetako errefrakzioa besterik ez omen den arren..."


                                     Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako, Joseba Sarrionandia.

IRAKURTZEA

Papertxo batzuk prestatu ditugu: 1 eta 100 ez dakit zenbat bitarteko zenbakirekin. Poltsa batean sartu eta nahastu egin ditugu. Orduan, bakoitzak papertxo bat hartu du, bakoitzak jakin dezan zein ipuin suertatu zaion.

Gutako bakoitzak bere zenbaki ezkutua dauka. Ez dakigu nor izango den irakurtzen hurrengoa, ez zein izango den irakurriko duguna; ipuin batzuk irakurri gabe pasatu baitira, ez direlako zenbaki guztiak banatu.
Lau, bost, sei, zazpi esanez pasatuko dira liburuaren orriak. Zenbakia suertatzen zaionean, irakurleak errepikatu eta irakurtzen hasiko da...

Ez dago gaizki, elkarrekin egiten ditugun gauzetan parte hartzea. Liburu hau irakurri behar badugu, banan-banan denok irakurtzea. Diktaduretan maisuak irakurtzen du, ikasleak entzule dira. Demokratikoagoa da denon artean irakurtzea, eta are demokratikoagoa da bakoitzak nahi duena idaztea.

Liburu honen autoreak testuok zirriborro moduko bat direla abisatu digu. Berak idatzitak guztia, proposamen apal bat besterik ez dela, zalantzan ipintzeko, eta geuk nahi dugun gauzez eztabaidatzeko.

Oraingoz, ipuin hau irakurtzea tokatu zait, zertan ari garen azaltzeko pasartea. Batzuek ozen eta beste batzuek apal, batzuek ausart eta beste batzuek lotsati, batzuek hobeto eta beste batzuek okerrago, denok ari gara leitzen ikasten. Irakurtzea irakurtzen ikasteko modurik hoberena denez gero, geroago eta hobeto egingo dugula uste dut.

Irakurtzea, errime irakurtzea, gauzei soinu-banda ipintzea da. Isilean irakurtzea, gogoeta-banda ipintzea da.


                                                
                                                    Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako, Joseba Sarrionandia.

HAINBAT LIBURU, HAINBAT IRITZI

AMAIA LAPITZ ETA ERREGIN GORRIAREN HILOBIA.

 KATIXA AGIRRE

Amaia Lapitzek nahiago luke uda Irlandan igaro, bere lagunen antzera, baina horren ordez ama arkeologoa lagundu beharko du Palenquera, Mexikoko hondakin maien eremura. Bertan emandako lehenengo gauean, deskubrimendu izugarri bat egingo du Amaiak: aztarnategiko zuzendariaren gorpuarekin egingo du topo. Poliziak gauzak argitzeko baino interes gehiago daukanez errua indigena zapatistei leporatzeko, Mario izeneko lagun egin berriaren laguntzaz kasua argitu beharko du gure protagonistak.

HAINBAT LIBURU, HAINBAT IRITZI

ULYSSES MOORE: DENBORAREN ATEA



 PIERDOMENICO BACCALARIO


Hiru neska-mutiko,Jason,Julia eta Rick, abentura irrikaz. Itsaslabarraren ertz-ertzeko etxea, giltzaz itxitako gela misteriotsuz betea.
Armairu atzean ezkutaturiko atea, inola ere irekitzerik ez dagoena.
Baina neska-mutikoek ireki egin nahi dute kosta ala kosta.


HAINBAT LIBURU, HAINBAT IRITZI

EZEKIEL




EZEKIEL. Jasone Osoro



Ezekielek hamalau urte ditu. Etxean amarekin eta arrebarekin bizi da, emakumezinguratuta. Aitak etxetik alde egin zuen, eta ez du hartaz oroitzapen askorik. Hamalau urteko mutil gehienek bezala, bizitza bi partetan banatuta dauka; batetik etxeko istiluak daude, eta bestetik kanpoko giroa: eskola, lagunak, koadrilaren lokala eta ... neskak. Neskek buruhausteak ematen dizkiote, etxe barruan eta kanpoan. Ezekielen koadrilako inork oraindik ez dio musurik eman neska bati. Eta denak amorratzen daude. Izan ere, abentura handia da lehenengo musua ematea.

2015(e)ko irailakren 23(a), asteazkena

GURASO AGURGARRIAK


Guraso agurgarria izateko azterketa pasatu beharko litzateke. Selektibitatearen edo baxoaren antzeko zerbait. Ala zer, autoa gidatzea baino errazagoa da guraso agurgarria izatea? Etsaminak, azterketa gogorrak. Gehienek ez lukete gaindituko etsamina teorikoa eta, are gutxiago, praktikoa. 
Ea huts egin ondoren konturatzen diren ikasteko asko dagoela oraindik. Inor ez dela jakinaren gainean bizi. Denok, dena ikasteko dugula oraindik.

                                                 Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako, Joseba Sarrionandia.

HASIKO GARA!

Hauxe da ikasleok osatuko dugun BLOGA. Bertan: 
  • idazlanak
  • argazkiak
  • iruzkinak
  • ...
plazaratuko ditugu.  

Hona hemen gure lehen argazkiak. Ea asmatzen duzun zein herritakoak diren! 





 
       

       2




 


 3





 


            4

        

                                      
 

 5




 

                                             6









7



 

Orain zure txanda da. Zure herriko txoko ezkuturen bat edo ezezagunen baten argazkia igo dezakezu eta ea besteok asmatzen dugun!