2016(e)ko maiatzakren 24(a), asteartea

ZAURI EZKUTUAK. Fernando Morillo.

Iria gazteak asko daki lagunen eskola-jazarpenaz. Ona da sentimenduak irakurtzen, baina bere zoritxarrerako, samina eta krudelkeria baino ez du ikusten azkenaldian institutuan. Horregatik saiatzen da oharkabean pasatzen, bereziki Nora eta Martxel anai-arreben aurrean, ikastetxeko benetako jaun eta jabeak, eta ikasle bakoitzari mingarrien nola jo jakiten maisuak. Unax izeneko ikasle berria iristean dena areagotuko da. Mutil markatua da Unax, zentzu bitan: orban ikusgarri batek zeharkatzen dio aurpegia, eta argi dago bere baitan beste dramaren bat ere ezkutatzen duela. Nora eta Martxel inoiz baino bortitzago arituko dira iritsi berriaren aurka, beraien tronua garbi uzteko asmoz. Bitartean, bi irakasleren arteko liskar latz batek are gehiago ozpintzen du giroa. Apurka, inork espero ez duen moduan lehertuko da guztia, gauza asko ez dira izango ziruditena, eta Iriak itzal baten modura ibiltzeari utzi beharko dio, zurrunbilo lazgarrian parte zuzena hartzeko eta korapiloa askatzen laguntzeko.

DUMITRU. Koldo Izagirre.


Dumitru errumaniarra da izenez eta jatorriz. Bere kalterako, noski, errumaniarra izatea eta lapurra izatea bat egiten dituen gizarte honetan. Haatik, semearentzat inguru hobeago bat nahi zuelako ekarri zuen hona Cosmin Petrescu soinujoleak, Danubio bazterreko sorterria utzita. Badira urte batzuk Dumitru euskalduna dela hitzez eta bizitzez. Lagunek maite dute, Olatzek bereziki. Eta une batez, denak direla Dumitru erabakiko dute…


SUGEAK TXORIARI BEGIRATZEN DIONEAN. Bernado Atxaga.


Sugeak txoriari begiratzen dionean, txoria itsutu egiten da, eta ordurarte begien bistan eduki duen munduaren zati laburra -zuhaitz batzuk, bizpahiru teilatu, bidea, zeruaren urdina- ezkutatu egiten zaio bat-batean. Barraketako magoen paineluekin gertatzen den bezala, une batez hantxe dauka guztia: koloreak, mugimendua, argia. Hurrengoan, berriz, guztia joan egin da, ezin liteke hutsune beltz bat baizik sumatu.

BI LETTER JASO NITUEN OSO DENBORA GUTXIAN. Bernardo Atxaga.


Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian, hamar eguneko tartearekin edo. Biak zuzen-zuzen etorri ziren nik Boiseko city amerikano honetan daukadan etxeraino, eta nire iloba Jimmyk jarri zizkidan eskura. Azkenengoarekin ailegatu zenean ni mimosaren adarrak txukuntzen nengoen, umore onean, alegia, zerengatik umore txarrean nagoenean ez baitut gardena zaintzen hasteko gogorik izaten, eta dolar bat eman nion sari bezala. Halere Jimmyk kezkatuta bezala begiratu zidan, sudurra zimurtzeko berak daukan keinu very nice horrekin.


ARGAZKI ALBUMA. Antton Kazabon.




Ander trantze zail bat igarotzen ari da Aintzane ezagutu duenean, bera baino hamar urte zaharragoa den erizaina. Harreman berri horri esker berreskuratuko ditu bizipoza eta alaitasuna. Egun batean Anderrek bere argazki albuma elkarrekin ikustea proposatuko dio Aintzaneri. Argazkiak ikusiz, besteak beste, aurrez bikote zuen Maddirekin izandako zenbait bizipen ilunen berri eman beharko dio Anderrek.

IZAR MALKOAK. Fernando Morillo


Beñatek hamasei urte ditu eta informatika eta neskak maite ditu beste edozeren gainetik. Infomatikan hacker-a izatea du helburu bere lagun Ibonekin batera. Nesketan hasi berria da. Izan du lehendabiziko harreman txiki bat Jaionerekin, baina Maider ezagutzen duenean konturatuko da, zer den lehendabiziko aldiz maitemintzea.
Diskoteka batean ezagutuko du Maider, katu-begi berdeak dituen neska. Harritu egingo da Beñat hain neska erakargarria berarekin geratzen denean. Berriro ikusteko itxaropena galtzen hasita dagoenean, azaldu egingo zaio etxean ustekabean. Eta horrek ere asko harrituko du Beñat. Maiderren portaerak, Maiderren jarrerak, Maiderren ateraldiek, Maiderren ia denak harritzen du Beñat. Maider zenbat eta gehiago ezagutu, harritzeko arrazoi gehiago izango ditu, ordea.

Eta ez denak oso atseginak.

NAHIAGI NUKE MUTILA BANINTZ. David Duran.



Sexuaz jakin nahi zenuen eta galdetzeak lotsa ematen zizun ia guztia. Júlia kokoteraino dago hilekoaren tripako minekin, eta behin baino gehiagotan desiatu izan du mutil bihurtzea. Egun batez, Hilekoaren Maitagarria agertuko zaio bere desioa errealitate bihurtzeko. Maitagarriak Bis Zikloa eskainiko dio: hurrengo hilekora arte ezohiko boterea izango du neska edo mutila izateko, gogoak emandakoaren arabera. Gero erabaki egin beharko du neska jarraitu ala mutil bihurtu nahi duen. Tarte horretan Júliak primeran pasatuko du, eta gauza pila bat ikasiko du sexualitatearen eta pertsonen arteko harremanen inguruan.

MAITASUN SUA. Aitor Arana


Ekain mutil bakartia da. Ikaskideekin harremanak izateko zailtasunak dauzka, eta, gainera, oporretan eskolako idazlan nekagarri bat egin behar du, ikasturtea ondo bukatuko badu. Idazlana egiteko dokumentazio bila dabilela, antzinako eskuizkribu bat aurkituko du, eta bere bizitzarekin antzekotasunak dituen abentura zirraragarri eta hunkigarri batean murgilduko da.
Maitasunaren indarraz jabetuko da, eta, Montse lagun onak lagundurik, bere bizitzako erabakirik garrantzitsuena hartuko du.



ITZAL SUNTSIGARRIEN GAUA.
 Agustin Fernadez Paz.


Sarak, hamasei urteko neska batek, udako opor batzuetan zehar benetako altxor bat aurkitu zuen amonaren etxean. Han egokitu zitzaion logelan, mamu-presentzia bat nabaritzearekin batera, osaba ezezagun baten biblioteka eta zenbait dokumentu aurkitu zituen eta, haien bitartez, Espainiako Gerra Zibilean eta gerraondoko urte latzetan gertatutako amodio eta desamodio istorio ahaztezin batekin topo egin zuen. Gertakizun haiek ezagutu eta gero, Sarak beste era batera egingo zion aurre bizitzari.


Itzal suntsigarrien gaua gerrak, erbesteak eta distantziak hautsitako hainbeste ametsen memoriari buruzko gazte eleberri hunkigarria da.



URTEBETE ITSASARGIAN. Miren Agur Meabe





Urtebete iraungo du gerrak Euskal Herrian, faxisten matxinadatik Santoñako errendiziora, eta bitarte horretako gertaera nagusiak ezagutuko ditugu Jonen ikuspegitik, batzuk bere begiz ikusiak eta beste batzuk han-hemen irakurriak edo entzunak. Horrela guk ere ezagutu ahalko ditugu lubakiak eta gudaldiak, ebakuazioak nahiz fusilamenduak, Gernikako bonbardaketa zein Bilboren jaustea... Leku berezia eman dio egileak euskal kulturari, erdi disimuluan bezala agertzen baitira orduko euskalgintzako hainbat izen: Lauaxeta, Erkiaga, Zubikarai, Aitzol...

Bestalde, Jon gurea hazten ari da, eta historiaren lekuko izateaz gain bere bizitzaren protagonista da, hainbat aldaketa izango dituena: lehen maitasuna gozatu eta sufrituko du, gizakiak duen onena eta txarrena deskubritu...


ANIMALIEN INAUTERIA. Felipe Juaristi

Hartz jauna iratzarri da, jaiki, nagiak atera eta jantzi: praka beltz lisoak, alkandora lodi koadroduna; gainean, jertsea. Mendiko botak ere bai. Sua egin, ura berotu eta kafea prestatu. Leihotik begiratu eta ihintza egin zuela konturatu zen. Zamarra hartu zuen badaezpada, betaurreko kutxa gorde eta irten zen. Gandu artean, azeri jaunaren etxea ageri zen. Bost urte ziren hartz jaunaren laguna joan zela. Desagertu egin zen. Hilda zegoela esaten zutenak ere baziren. Goiz hartan, berriz, bere lagunaren etxetik kea zeriola iruditu zitzaion hartz jaunari. Azeriaren itzulera zen!



Kilimanjaroko diamanteak. Yoseba Peña


Zertan dabil mutil hori jeep baten atzealdean ezkutatuta? “Jolasean”, erantzungo duzue, baina “Afrikaren bihotzean dago”, gehituko dizuet nik. (...) Von Silkek ez ikusteko sartu da Berain, gure mutila, jeeparen olanaren azpian. Orain pentsatzen hasita, eskerrak handik atera ez den, bestela metraileta eta pistola haiek bera ere apuntatuko zuten. Berainen gurasoek jakingo balute! Lasai asko daude, ordea, etxean, Europan, semea Tanzaniako Safari udalekuetan egongo delakoan Von Silken zaintzapean.