2015(e)ko urriaren 6(a), asteartea

BAREA

Zer bare pasatzen den barea. Ziztu bizian pasatuko balitz ez litzateke barea. Bareak ez daki ez abiadan, ez korrika, ez zapasaltoan. Astiro-astiro pasatzen da, putzuaren ertzean geratu den egurraren gainetik, adurrezko lorratz bat utzirik, lehortutakoan zilarrezkoa dirudiena.

Munduan erlojurik, dirurik, naziorik, erlijiorik ez balitz bezala bizi da barea, denbora aintzat hartu gabe, presa, arin, lehia berbak direnik ere ez dakiela.

Gelditu ez da egingo, mundua arrotza delako, edonondik hel daitekeelako etsaia. Geldirik egonez gero ez luke luzaroan biziraungo, beraz, badoa, baina astiro.

Bidearen amaieran heriotza dagoela dakielako doa, beharbada, hain bare.


                            Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako, Joseba Sarrionandia.

1 iruzkin:

  1. Niri testua asko gustatu zait zeren eta bareari buruz esaten dituen gauzak oso politak geratzen direla iruditzen zait. Barea eta bare hitzekin egiten duen nahasketa oso ondo geratzen da, testuari hasiera polit bat egiten dio.
    Maialen Agirre 2A (2015-16)

    ErantzunEzabatu