2015(e)ko urriaren 19(a), astelehena

ARAZOA

Umeak eskolan arazo larriak dituela-eta, amak laguntza eskatu dio maisuari. Umeak ez duela obeditzen eta dena oker egiten duela.
"Esaiozu umeari bihar nigana etortzeko", esan dio maisuak amari.
Umea goiz heldu da, deseroso, apur bat beldurturik:
"Eseri, mesedez", diotso maisuak. "Zein da arazoa?"
"Esku honekin idaztea nahi du amak...", hasi da umea, eskuineko besoa altxatu eta ezkerraz seinalaturik.
Maisuak berehala konprenitu du. Amak eskuina erabilarazten diola, haserre egiten diola ezkerraz idazteko mania kaltegarriagatik. Berari ere, amak behin baino gehiagotan lotu zion ezkerreko besoa soinean soka gogor batekin, orain hogeita hamar urte, lehenengo letrak idazten ikasteko orduan.
Oraindik ere ez dio amari esan zer mingarri eta zer gogaikarri egin zitzaizkion eskolako lehen urteak. Zer deserosoa izan zen dena.
"Zuk ez duzu arazorik", esan dio umeari, eskuineko eskuko hatz erakuslea erakutsiz. "Esaiozu amari bihar nigana etortzeko".


 Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako, Joseba Sarrionandia.

1 iruzkin:

  1. Jende askok pentsatzen du pertsona guztiak berdinak izan behar garela, baina bakoitzak bere berezitasuna edukitzen du. Adibidez testuan bezala, amak ez dio bere semeari ezker eskuarekin idazten uzten, jende gehienek eskuin eskuarekin idazten dutelako. Orduan amak pentsatzen du semeak duela arazoa, baina bitartean amak berak du arazoa, ez diolako semeari bere desberdintasunarekin jarraitzen utzi nahi. Hori guraso askorekin gertatzen da, berak arazoa duela esan nahi ez duenean seme-alabei errua botatzea.
    Aiora Beloki 2A(2015-16)

    ErantzunEzabatu