2015(e)ko azaroaren 18(a), asteazkena

reykjavik

"Islandiako hiriburua zein da?", galdetu zion berriz irakasleak mutikoari.

Eta mutikoak ez zekien. Zelan jakingo zuen bada, beste arazo batzuk izan zituen buruan, ez zen entzuten egon. Bazegoen han mapa bat horman zabalik, Islandia mapan non zegoen ere ez  zekien.

Irakasleak erregela hartu eta zutitzeko agindu zion. Zutitu ahala, hiruzpalau kolpe jo zizkion bizkarrean. Haurra isilik eta negar anpuluka geratu zen idazmahaian.

Eskolatik irtendakoan, mutikoak espaloia hartu zuen. Bakarrik zihoan etxerantz, txakur bat hasi zenean bere aldamenean ibiltzen. Hotza egiten zuen, iluntzea zen, mutikoa espaloi gainetik, txakurra kaletik, bazirudien lagun zihoazela goibelean.

Derrepentean,mutikoak hatz erakusleaz seinalatu zuen txakurra:

"Islandiako hiriburua zein da?", ozen galdetuz.

Begirada arraroz erantzun zion mutikoari txakurrak, mutu.

Mutikoak, ustekabean, ostikada gogor bat jo zion boten puntaz. Txakurrak intzirika egin behar izan zuen ihes.


Joseba Sarrionaindia: Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako.



 

1 iruzkin:

  1. Egia esan, ez da nire gustukoa izan kontakizuna, pixka bat iluna edo gogorra iruditu zaidalako. Bestalde, egia da horrelako gauzak edonoiz eta edonon gerta daitezkela, hau kate bat bezala baita; irakasleak umea jotzen du, haurrak txakurra... Eta seguraski irakaslea lehenago ere joko zuten, bakoitzak bere barneko gorrotoa edonola eta bera baino indar gutxiagoko pertsonekin ordaindu nahi baitu...
    Ane 1B 15-16

    ErantzunEzabatu